• Zer da Korrika ?

    Zer da Korrika?

    Korrika, AEK-k antolatuta, Euskal Herri osoan zehar egiten duen euskararen aldeko lasterketa erraldoia da. Gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.

    1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen 1. Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. Ordudanik 16 Korrika eta 30 urte igaro dira.

    2011ko apirilaren 7an hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du hamazazpigarrenez Korrikak. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka korrikalarirekin, gau eta egun gelditu gabe.

    Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku eta kilometroz kilometro korrikalarien artean; lekuko horren barruan Korrika helmugara iristean, euskaldun ezagun batek irakurriko duen mezua doa, ordura arte sekretupean gordetzen dena.

    Nork antolatzen du?

    AEK-k, euskararen berreskuratzea eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea xede duen erakundeak. Hori lortzeko helduen helduen euskalduntze eta alfabetatze alorrak jorratzen ditu: euskara eskolak, ikerkuntza, material didaktikoen sorkuntza, irakasleak prestatzeko ikastaroak, kultur ekitaldien antolakuntza, euskara erabiltzeko mintzalagun programak, lantegi eta erakundeen normalizazio planen diseinu eta gauzapena, eta euskararen aldeko kontzientziatze kanpainak.

    Lehenengo alfabetatze taldeak 1965 inguruan sortu ziren, eta urte hartan antolatu zen alfabetatzearen aldeko lehenengo kanpaina. Alfabetatze arloa jorratzeaz gain, alfabetatze taldeak Euskal Herri osoan sortzen ziren neurrian, agerian geratu zen euskara irakatsi beharra euskararik ez zekien euskal herritar multzo handiari. Horixe izan da AEKren urteotako zeregina. Halaxe sortu ziren, mugimendu hori guztia Euskaltzaindiak babestu eta bultzatu zuelarik, gau-eskola izenekoak eta, geroago, euskaltegiak.

    Gaur egun, AEK helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, administrazio-banaketak gaindituz, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra. Horretarako, 500 irakasle baino gehiago ditu euskara eskolak ematen 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiagotan banatuta; eta horrez gain, normalizazio planak bideratzen laguntzeko zerbitzua, erabilera bultzatzeko programak, itzulpen zerbitzua eta AIZU! aldizkaria, besteak beste.

    Horiei laguntzeko, baina batez ere Iparraldeko eta Nafarroako beharrei erantzun ahal izateko, jakina baita eremu administratibo horietako euskaltegi eta gau-eskolek ez dutela inondik ere behar dituzten diru laguntzak jasotzen, baliatuko ditu AEK-k Korrika 17rekin bilduko dituen ekarpenak.

    http://www.korrika.org/